Gizarte konpromisoa oinarri, Fagor Taldearen ekarpena jaso dute Bizipozak eta Errigorak.
Fagor Taldeak urteak daroatza gizarte ekimenei era bateko edo besteko ekarpenak eginez. Bada, askotarikoak dira horretarako darabilzkienak. Horien artean da IPDK banaketa. Hain zuzen ere, kooperatiba taldeak gizarte ekinbideetara bideratzen du urteko irabazien ehuneko bat, komunitaterekiko konpromisoa erdigunean. Azken urteotan, Fagor Taldearen ekarpena jaso dutenen artean dira Bizipoza eta Errigora ekimenak.
Bizipoza
Irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa da: behar bereziak dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede. Oro har, elkarte, haur eta familia horiek transmititzen dituzten baloreak jasota, aberasten, hezten eta gizarteratzen dabil.
Askotarikoak dira Bizipoza elkarteak, gizarteko kolektibo ezberdinen inklusioa lantzeko helburuarekin, urtean zehar bultzatzen dituen ekimenak. Eta, horretarako, funtsezko du haren parte diren 35 elkarteren ekarpena –behar bereziak dituzten haurrekin dabiltza lanean horiek guztiak, euren eta familien ongizatea erdietsi guran–. Hor daude Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartea, Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioa, Mindara dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzeko Gipuzkoako elkartea, Naizena adingabe transexualen familia elkartea, Ulertuz Bizkaiko haur gorren familien eta lagunen elkartea, Chernobilen Lagunak, Seaskako Integrazio Batzordea…
Hain zuzen ere, gaur arte, bi urteko epean, 60.000 euroko ekarpena dio egina Fagor Taldeak Bizipozari –hiru urterako sinatu zen hitzarmena, eta, beraz, egiteke dago azken ekarpena–. Zehatz esanda, haren parte diren hamaika elkarteren errealitatea ezagutarazi guran, Bizipozak 2021ean kaleraturiko Mundu berri bat guztiontzat kantu eta bideoklip sortaren finantzazioa izan du erdigunean Fagor Taldearen ekarpen ekonomikoak
Errigora
Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.
Bi dira Errigorak urtean zehar abiarazten dituen kanpaina nagusiak: Eskutik eskura eta Euskarari puzka. Hain zuzen ere, Nafar hegoaldeko ekoizleen produktuak eskatzeko aukera eskaintzen die herritarrei –olioa, kontserbak, pasta, arroza, produktu saskiak…–, eta, haien bidez jasotakoarekin, besteren artean, ekarpena egiten dio euskalgintzari. Horrez gain, herritarren kontsumo ohiturak aldatzeko ere badira baliagarri aipaturiko kanpainok. Esan barik doa hazten eta indartzen dabilen proiektua dela, eta, hori horrela, ekoizle sarea zabaldu guran dabiltzala Errigorako kideak. Bada, Errigorak auzolana du oinarri –ehundaka boluntario ditu–. Eta lan kolektibo hori ere jarri gura du balioan.
Fagor Taldeak 2019. urtean sinatu zuen lehen hitzarmena Errigorarekin, eta, ordutik, 80.000 euroko ekarpena dio egina egitasmoaren finantzazioan laguntzeko –bi urteko epean egin du ekarpena–. Horretara mugatu barik, kooperatibetako jantokietan Errigorako produktuak eskaintzeko aukerak aztertzen dabil Taldea. Hala, harremanetan darrai ekinbidearen bultzatzaileekin, zabal litezkeen balizko aukerak lantzen.
Iturria: fagor.eus
Viewed 57 times