EROSKIk abian jarri du milioi bat otordu lortzeko erronka 500 familia elikatzeko.

Elikagaien Bankuen aldeko elkartasun kanpainaren barnean, orain arte 700.000 otordu baino gehiago bildu dira oinarrizko elikagaiekin, bezeroek ordainlekuan eman dutenari esker.

EROSKIk erronka bat jarri du abian, Milioi bat otordu izenekoa, urtebetez 500 familia inguruk zer jana eduki dezaten. Apirilaz geroztik, elkartasun kanpaina bat bultzatu du bere saltoki sare guztian Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioaren (FESBAL) alde, eta horren barnean sartzen da ekimen hori.

Oraingoz, 700.000 otordu baino gehiago bildu dira oinarrizko elikagaiekin, bezeroek elkartasunez ordainlekuan egin dituzten ekarpenei esker. Elkartasun kanpainan biltzen denak indartu egingo ditu Elikagaien Bankuen baliabideak elikagaietan eta higieneko produktuetan, eta era horretan, hurrengo hilabeteetan ere jarraitzeko modua izango dute beharrizan gehien duten eskariei erantzuten eta berehalako laguntza ematen kolektiborik zaurgarrienei.

1.300 saltoki baino gehiago ari dira bezeroei aukera eskaintzen diru ekarpen bat egin dezaten Elikagai Bankuen alde; saltoki horietan daude EROSKIren supermerkatu, hipermerkatu eta frankiziak, eta Vegalsa eta Caprabo dendak ere. EROSKIk berak ere jarri du bere alea kanpaina horretan, eta 30 tona elikagai baino gehiago eman dizkie Elikagaien Bankuei beharrizan premiazkoenei erantzuteko.

“Bizi dugun osasun krisiak are gehiago okertu ditu egoera zaurgarrian dauden pertsona askoren beharrizanak. Elikagaien Bankuek pertsona horiei laguntzeko egiten duten lan eskergan ere izan du eragina salbuespen egoera honek. Ekimen berri honekin, sendotu egiten dugu Elikagaien Bankuen aldeko gure kanpaina, zeina harrera bikaina ari den izaten abian jarri genuenetik bertatik”, azaldu du Alejandro Martinez Berriochoak, EROSKIko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak.

“Berriz ere eskertu egin nahi dugu EROSKIk FESBALekin daraman lankidetza, bizitzen ari garen egoera zail honetan gainera. EROSKIren eta haren bezeroen elkartasun ekintza berri honekin, elikagai asko ari da sartzen gure biltegietan, eta lankidetza hitzarmenak ditugun ongitzazko elkarteen bidez, beharrizan gehien duten kolektiboei banatzen dizkiegu gero”, adierazi du Miguel Fernandezek, Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioko zuzendari nagusiak.

Elkartasun kanpaina hori bukatzeko, ‘Kilo Operazioa’ izango da ostiralean eta larunbatean. Ohiko ekintza izaten da hori urtean zehar; maiatzean egin izan da, baina aurten atzeratu egin da osasun krisiaren eraginez ezarri zituzten prebentzio eta babes neurriengatik, Elikagai Bankuetako boluntarioek ezin izan baitziren saltokietan egon. Bosgarren urtez jarraian, ekarpenak egiteko bi modu izango dira aurten ere: produktuak emateko aukera izango da edo, bestela, kupoiak erosi ahalko dira ordainlekuetan. Kanpaina amaitzean, kupoien bidez lortzen den dirua Elikagaien Bankuei emango zaie, egokienak eta beharrezkoenak iruditzen zaizkien produktuak erosteko.

Hogei urte baino gehiago EROSKI eta Elikagaien Bankua elkarlanean ari direla

1996an hasi zen EROSKI Elikagaien Bankuarekin lankidetzan, Bizkaiko Elikagaien Bankuak proposatuta eta kontsumitzaileek berek eskatuta, beharrezkoa iruditzen baitzitzaien behartsuenei eta bazterkeria soziala jasateko arriskuan diren kolektiboei elkartasuna erakustea. Horrela sortu zen, urte hartan bertan, ‘Kilo Operazioa’, EROSKIren dendetan elikagaiak biltzeko.

Gero, EROSKIk martxan jarri zuen elikagai ontziratuak emateko programa; kontsumitze-data gomendatua hurbil zeukaten produktuak ziren, baina ziurtasun osoz jateko modukoak. Gaur egun, EROSKIren programa horrek eta Elikagaien Bankuak jarraitzen dute konpromiso horrekin, ‘Ez alferrik galdu’ programaren bidez, jateko ona den elikagairik ez botatzeko bere hipermerkatu eta supermerkatu sare guztian. Iaz 6.700 tona elikagai baino gehiago eman zitzaizkien gizarte arloko elkarteei programa horren barnean.

EROSKIk egin duen lana aitortu izan du Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak, eta Urrezko Galburuaren saria eman izan dio; hori da Federazioaren saririk handiena, sobera gelditu diren elikagaiak banatzen nabarmendu diren erakundeei ematen diena.

Iturria. mondraberri.eus

 

like0

Viewed 81 times