Eroski lankidetzan ari da ohiko salmenta kanala galdu duten nekazari ekoizle txikiekin.

Eroski lankidetzan ari da beren ohiko salmenta kanala galdu duten tokiko ekoizleekin, nekazaritzan eta abeltzaintzan dituzten ekozpenei irtenbide bat emateko. Horrekin batera, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna erakundetik Jaurlaritzak azokak ixteko erabakiaren aurka agertu dira.

Eroskik hitzarmenak egin ditu nekazaritzako ekoizle txikiei eta kooperatibei laguntzeko beren ekoizpen sailak saltzen ohiko salmenta kanalak galdu badituzte. Alde horretatik, lankidetza sistema bat garatu du lehen sektorearekin, haien soberakinak bere dendetan saltzeko. "Tokiko ekoizleekin jardutea da Eroskiren nortasun ikurretako bat. Hasieratik bertatik, gure gaitasuna eskaini dugu era proaktiboan laguntzeko sektoreari babes ekintzak sustatuta. Eroskin lankidetzan dihardugu haiekin eta instituzioekin babesa eman eta haien ekoizpenei irtenbideak bilatzeko ezohiko egoera honetan", esan du Eroskiren Tokiko Produktuetarako zuzendari komertzialak, Asun Bastidak.

Bildotsak saltseko konpromezua

Hitzarmen hauen arabera, EAEko abeltzainek aurten ekoitziko dituzten bildotsak saltzera konprometitzen da Eroski. Hala, produktu hori dagoeneko eskura dago hipermerkatuetan eta supermerkatuetan. Horretaz gainera, barazkiz hornitzen duten tokiko bi hornitzaile nagusiekin bilketa eta banaketa erraztu dezaten lankidetza hitzarmen bat egin du, haien lan egiteko modua dagoeneko ezagutzen duten ekoizle txikien soberakinak hartuta. Hala, lehentasuna emango dio sektoreari, sare komertzialaren bitartez haien soberakinak salduta. Datozen egunetan iritsiko dira lehenengo produktuak.

Azokak ixtearen aurka

Honekin batera, Eusko Jaurlaritzak merkatuak agindu bidez debekatu ditu alarma egoera amaitu arte. Hala, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE) erakundetik Aski da! Azokak zabalik mantendu!!! izenburupean prentsa oharra bidali dute debekuaren aurka agertuz.

Gipuzkoako EHNEren ustez, koronabirusak sortutako alarma egoeran udalerrietako azokak irekita mantentzea "borondate kontua da". Hori horrela, azoken funtzionamendua baimentzea eskatu dute baserritarrek, segurtasun eta higiene neurriak errespetatu dezaketela uste dutelako. Gaineratu dute, merkatuak ixteak zuzeneko salmenta egiten duten baserritarren bizimodua baldintzatzen duela, eta, era berean, kontsumitzaileekin sortzen den harreman zuzena ere moztu egiten dela.

Iturria: goiena.eus

 

like0

Viewed 83 times