Mondragon Unibertsitateak ‘queer’ pedagogien inguruko jardunaldia antolatu du.

TeamLabs ikaskuntza-laborategiarekin batera antolatu da jardunaldia. Urtarrilaren 25ean izango da, Bilboko Hika Ateneo gunean.

MONDRAGON UNIBERTSITATEA

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta TeamLabs ikaskuntza-laborategiak queer pedagogiei buruzko jardunaldia antolatu dute datorren larunbaterako, hilaren 25erako, Bilboko Hika Ateneo gunean (Ibeni kaia, 1).

Mercedes Sánchez Sáinz Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak bideratuko du Queer pedagogiak. Zer dakarkiote hezkidetzari? jardunaldia. Nahi dutenek har dezakete parte, betiere, izena emanda.  

Mercedes Sánchezen esanetan, orain arte gizartean eta hezkuntzan baztertuak eta ikusezin bihurtuak izan diren identitateak erreibindikatzea proposatzen dute queer pedagogiek. Gainera, haren arabera, «queer pedagogietatik, kanon unibertsalak, bitarrak eta normalizatzaileak hautsi behar ditugu, edo, behintzat, horretan saiatu. Bukatu da kanon horien barruan sartzen ez direnen biktimizazioa. Horretarako, pentsamolde hegemonikoak desikasi behar ditugu. Normalizazioa, bazterketa, gizarteratzea eta tolerantzia gainditu behar ditugu, eta pertsonak kutxetan sailkatu eta horren arabera onargarriak edo onartezinak ote diren erabakitzeari utzi».

Complutense Unibertsitateko Sexu-aniztasunaren eta Genero-identitatearen Bulegoaren sortzaileetako bat da Sánchez, eta unibertsitate horretako LGBTIQ+ Ikasketen masterreko irakasle eta batzorde akademikoko kide. Ekintzailea, transfeminista eta zenbait libururen egilea era bada. Adibidez, Somos como Somos. Deconstruyendo y transformando la escuela (La Catarata, 2016) eta Pedagogías queer. ¿Nos arriesgamos a hacer otra educación? (La Catarata, 2019) idatzi ditu.

Izena emateko epea zabalik dago (50 euro) eta partaide-kopurua mugatua da. Mondragon Unibertsitateak eta TeamLabsek batera diseinatu duten Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntzan (Lit) Masterraren jardueren barruan antolatu dute jardunaldia.

EGITARAUA

10:00-11:30. Mercedes Sánchez Sainz (Madrilgo Complutense Unibertsitatea). ¿Qué son las pedagogías queer? Claves para una pedagogía transformadora (Zer dira queer pedagogiak? Pedagogia eraldatzailerako gakoak).

11:30-12:00. Atsedenaldia.

12:00-13:45. Mercedes Sánchez Sainz. Eraldaketa errazten duten hezkuntza-jardunbideak. Lantegi parte-hartzailea.

13:45-14:00. Amelia Barquín eta Agurtzane Martinez (Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak). Amaiera.

Izena emateko inprimakia: https://labur.eus/lit

Iturria: mondraberri.eus

 

like0

Viewed 50 times