Andoni Iglesias eta Gorka Muñoz ikasleak James Dyson Award nazioarteko diseinu-lehiaketako Espainiako finalisten artean daude
Mondragon Unibertsitatearen egungo erreskate-sistemak hobetzeko proiektu bat James Dyson Award nazioarteko diseinu-lehiaketako Espainiako bederatzi finalisten artean geratu da. Lehiaketaren helburua arazo bat konponduko duen zerbait diseinatzea da, eta 18 herrialdetako 650 ikasle-proiektuk hartu dute parte. Mondragon Unibertsitateko Andoni Iglesias eta Gorka Muñoz ikasleak Espainiako finalistak dira, Savesphere izeneko proiektuari esker, beste zortzi proiekturekin batera. Urriaren 10ean, Dyson enpresako ingeniariek nazioarteko 20 proiektu finalistak aukeratuko dituzte. Haietatik, hiru irabazle hautatuko dira. Lehiaketako nazioarteko irabazleak izango dira hiru proiektu horiek, eta azaroaren 7an jakingo dugu zein diren.
Mondragon Unibertsitateko ikasleen proiektua edozein pertsona edozein egoeratan eta edozein lekutan salbatzeko produktu bat da. Savesphere izena du, eta egungo sorospen-sistemek estaltzen ez dituzten beharrei erantzuten die. Oso intuitiboa da, eta botoi bat sakatuta funtzionatzen du. Edozein egoeratara moldatzen da; izan ere, gaua edo eguna den, zer-nolako eguraldia dagoen eta inguruneko kolore nagusiak zein diren hartzen du kontuan besteak beste, eta gainera, iraupen mugagabeko soinu- eta ikus-seinaleak ematen ditu. Halaber, ispilu bat du, egunez argi-seinaleak egiteko, eta meteorologia-baldintzek aukera ematen badute, globo bat aska daiteke. Globo hori 20 metroko altueraraino igotzen da, ikuspen-ratioa handituz, eta argi-seinaleak eta nazioarteko sorospen-mezua igortzen ditu.
James Dyson Award lehiaketan, produktu-diseinuko, diseinu industrialeko eta ingeniaritzako ikasleek (eta graduatuek, graduatu eta hurrengo lau urteetan) har dezakete parte, baldin eta herrialde hauetan ikasi badute: Alemania, Australia, Austria, Belgika, Kanada, Frantzia, Alemania, Irlanda, Italia, Japonia, Malaysia, Zeelanda Berria, Errusia, Singapur, Espainia, Suitza, Herbehereak, Erresuma Batua eta AEB.
Iturria:MONDRABERRI.com
Viewed 152 times