Ausolanek IGMO enpresa-talde burgostarra erosi du
Pasa den uztailaren 30ean Ausolan kooperatiba arrasatearrak akordioa itxi zuen IGMO entitate burgostarrarekin, eta horren arabera azken honen akzioen %100a erosi du. Igmo S.L, Igmo Servicios Educativos S.L, eta Igmo Limpieza S.L. enpresez osatuta dago IGMO. Enpresa-akordio honek Ausolanen presentzia Gaztela Leon aldean sendotzen du, izan ere, kooperatiba arrasatearrak gaur egun bertan dituen bezeroei enpresa espainiarraren beste 70 zentro gehitzen zaizkie.
Burgoseko enpresa talde hau aditua da hozketa-zerbitzuetan, eta horri esker Gaztela Leongo jatetxeen sektorean erreferentea da. Zerbitzu hau erabiliz egunero 4.000 otordu eskaintzen dituzten instalazioak ditu enpresa honek, TUlankide aldizkaria adierazitakoaren arabera, “ekoizpen eta hazkunde ahalmen handiarekin”.
Testuinguru honetan, Ausolaneko ordezkari Susana Roa eta Joseba Jainagak akordio honek “aurrerapausoa” suposatzen duela azpimarratu dute, “hozketa-zerbitzua bere osotasunean eskaintzeko prest dauden instalazioak bere eskura izango baititu kooperatiba gipuzkoarrak”.
IGMOk 517 langile ditu aurretik aipatutako hiru enpresetan sakabanatuta, eta horiek guztiak Ausolanen lantaldeko 7.983 beharginei gehituko zaizkie aurrerantzean.
Iturria: MONDRABERRI.com
Viewed 127 times
