Nerabeei zuzendutako gida pedagogikoa osatu dute Foru Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak.

Aldundiarekin harremantzeko eta komunikazio zein elkarlanerako aukera berriak sortzeko gida egin dute Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (Huhezi) KoLaborategiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ikasle zein irakasleei dago zuzendua gida hori.

Gidaren helburuak honako hauek dira: hainbat konpetentzia digital ikasleekin lantzeko tresna izatea, adibidez, dinamika eta orientabideen bitartez idatziz, irudiz eta bideoz egoki komunikatzeko lanketa erraztea, eta e-parte-hartzea eta jendarte digitalerako hezkuntzan sakontzeko aukera eskaintzea. "Komunikazio modu berriak eskatzen zigun horrelako lanketa bat, etorkizuna izango direnekin batera elkarlanean hasteko", adierazi zuen Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak eta gaineratu: "Sare sozialak dira nerabeentzat harremanak eraikitzeko tresna naturalenak eta ondorioz, beharrezkoa da horiek kontuan hartzea". Hori guztia kontuan hartuta ekin diola Aldundiak hezkuntza komunitatearekin lanean esan zuen, eta gida pedagogikoa lehenengo pauso bat dela.

"Bete beharreko gabezia"

Mondragon Unibertsitateko KoLaborategiko ikerlari diren Ander Bolibarrek eta Nagore Ipiñak jardun dute lanean. Eta baliabide berri hori sortzeko, azken urteetan sare sozialen bidez Aldundira iritsitako mezuen azterketa egin zuten, ondorioztatuz nerabeek ez dutela Aldundiarekin harreman digital zuzenik: "Badago, beraz, bete beharreko gabezia bat". Europa mailako ereduen azterketa ere egin zuen unibertsitateak, 22 gidarena, hain zuzen. "Europa mailan administrazio publikoa eta komunikazio kanalen inguruko gidetan bazegoen hutsune bat. Ez da aurkitu parte-hartze digital aktiborako oinarriak finkatzen dituen gidarik", gaineratu zuten.

Lehiaketa abian

Gida hori eskuragai dago honako helbidean: gipuzkoa.eus/partaidetza. Era berean, hori gizarteratzeko hainbat ekintza egingo dituzte; ideia lehiaketa bat esaterako. Lehiaketan parte hartzeko hurrengo galderei erantzuteko audio, testu, bideo edo irudi bat bidali beharko dute: "Zerk arduratzen gaitu Gipuzkoako etorkizunaz? Ze galdera ditugu? Ze proposamen?". DBH 4. mailako ikasleek (15-18 urte bitartekoek) parte hartu ahal izango dute. Lanak taldeka egingo dira eta talde bakoitzak kanal bakoitzean lan bat aurkeztu ahal izango du. 

Lanak dagokion kanala erabilita helaraziko beharko diote Foru Aldundiari: bideoak eta/edo audioak emailez –partaidetza@gipuzkoa.eus- edo Youtubera –youtube.com/OrainGipuzkoa–, eta gehienez minutu bateko iraupena izango dute. Mezuak emailez jasoko dituzte, eta irudiak berriz, Instagram bidez –Instagram.com/OrainGipuzkoa–.

Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 3a izango da. Goi mailako gailu teknologiko bat izango da saria, taldeko kide bakoitzarentzat. Kanal bakoitzeko saritu-talde bat egongo da eta sari banaketa ekitaldia ekaineko lehenengo astean egingo dute.

Iturria: goiena.eus

 

like0

Viewed 96 times