Hiru minutuan gertatzeko moduko produktu-gama aurkeztu du Eroskik.

Gama berriak arraina, okela eta pasta platerak eskaintzen ditu. Gertatuta datoz dagoeneko, eta askotariko goarnizio eta saltsekin konbinatu daitezke. "Aukeratu, berotu eta osatu" besterik ez dago, Eroskiren esanetan.

Errezeta guztiak Mondragon Unibertsitatearen Basque Culinary Centerrek egin ditu.

Eroskik dioenez, abantaila nagusietako bat honakoa da: norberak erabakitzen duela nolakoa izango den bere platera. "Bakarrik plater nagusia egin dezake, saltsaren bat gehitu edo goarnizioarekin osatu. Produktu bakoitza solte saltzen da eta konbinazio guztiak egin daitezke. Gainera, saltsek eta goarnizioek etxean egindako beste plateren bat ere osatu dezakete".

Telebistarengatik ezagun den Jorge Fernandezek aurkeztu zuen Eroski Cooking, eta aste betean gama horretako produktuekin afaldu duela esan zuen. Bestalde, Eroskiko Produktu Freskoen Saileko arduradun komertzialak, Ana Cuevasek, honakoa esan zuen: "Azken urteetan, etxean jateko gero eta joera handiagoa du jendeak. Eroski Cooking gama berritzaile honek soluzio errazak ematen ditu modu osasuntsuan jateko, eta hobeto jatera animatzen du". Horrez gain, gama berriak "oso gustukoa ez den edo konplikatua izaten den lana kentzen du, eta platera egiteko askatasun osoa ematen du".

Plater nagusi gisa, hauek daude: pasta albahakarekin, urdaiazpikoarekin betetako oilasko-izterra, oilasko-bularkia erromeroarekin, legatza lurrunetan, konfitatutako bakailaoa eta izokina (salmoia) plantxan.

Guarnizio gisa, hauek daude: txanpinoi estofatuak, ilarrak urdaiazpikoarekin salteatuta, barazki-woka, arroza otarrainxkarekin, patatak carbonara erara, otarrainxka-isatsak eta perretxikoak, konfitatutako kipula eta sagar, kipula eta soja salteatua.

Saltsa aukera hauek osatzen dute: saltsa berdea, oporto eta perretxiko-saltsa, tomate-saltsa, gazta eta intxaur-saltsa, currya, mostaza-saltsa eta piperrada.

Hasieran, Abadiño, Artea, Bilbondo, Urbil eta Zarauzko hipermerkatuetan eta Donostia, Gasteiz eta Bilboko supermerkatu batzuetan bakarrik salduko dute Eroski Cooking gama, eta poliki-poliki denda gehiagotan ipiniko du Eroskik.

Produktuen berri eta errezeta batzuk hemen daude: cooking.eroski.es/.

Iturrria: GOIENA.net

like0

Viewed 177 times