Mondragon Unibertsitateak Europako Arrowhead I+G proiektuan hartzen du parte.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Arrowhead izeneko Europako I+G proiektu pilotuan hartzen du parte. Lau urteko epean garatuko da eta aurten hasiko da. Haren helburu nagusiak, automatizazio kooperatiboaren bidez, energia-eraginkortasuna handitzea eta energiaren erabilera malgutzea dira, eraikinetan, azpiegitura publikoetan, industria-prozesuetan eta energia-sektorean teknologia txertatuak erabiliz.

Mondragon Unibertsitateak etxe ekoeraginkorrarekin eta argiztapen adimendunarekin lotutako alderdietan jarriko du arreta. Hori guztia Smart City edo Hiri Adimenduna izeneko arloaren barruan dago, eta erronka nagusietako bat gizartearen beharrei erantzutea da, ahalik ingurumen-eraginik txikienarekin.

Arrowhead I+G ekimena da, 67 milioi euroko aurrekontua duena, eta hartan, 15 herrialdetako 77 erakundek hartzen dute parte. Europar Batasunak eta Industria Ministerioak finantzatzen dute batera. Artemis berrikuntza-proiektu pilotua da (Artemis da deialdia kudeatzen duen Europako erakundea), eta hauek ditu atal nagusiak: “ekoizpen- eta energia-sistemen automatizazioa” eta “hiriko eraikin eta azpiegitura adimendunak, hiri adiskidetsu eta iraunkorrentzat”.

Arrowhead proiektuan, Mondragon Unibertsitateak ez ezik, Euskadiko beste zentro eta enpresa batzuek ere hartzen dute parte; besteak beste, Orona, ULMA Embedded Solutions, Fagor Electrodomésticos eta IK4-Ikerlan (Mondragon taldekoak), IK4-Tekniker, Tecnalia eta Donostiako Sustapena. Arrowhead proiektuan parte hartzen duten euskal erakundeen aurrekontua 9 milioi €-tik gorakoa da, eta horren herena, gutxi gorabehera, Europar Batasunak eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioak finantzatuko dute batera.

Sistema Txertatuak

Arazo jakin bat eraginkortasunez konpontzeko bereziki diseinatutako eta optimizatutako elektronika eta softwarea dituzten gailuak dira Sistema Txertatuak. Ezinbestekoak dira ekipoak, makinak eta instalazioak kontrolatzeko, monitorizatzeko eta erabiltzeko, eta informazioa, ondasunak eta pertsonak mundu osoan leku batetik bestera bidaltzeko balio dute. Sistema txertatuak edozein lekutan aurki ditzakegu, hala nola semaforoetan, zentral nuklearretako kontroletan, autoetan, hegazkinetan, igogailuetan, aire girotuan, sare elektrikoetan, ekipamendu medikoan, telefonoetan, smart cardetan eta jostailuetan. Sistema Txertatuei esker, edozein sektore-esparrutako gailuek prozesatze- eta interkonexio-gaitasunak dituzte, baita funtzio berri eta suspergarriagoak ere, balio erantsi handiagokoak.

Sistema Txertatuak produktu askoren nerbio-sistema zentralaren modukoak dira; izan ere, behatzeko, aztertzeko, erabakitzeko eta jarduteko gaitasuna ematen diete produktu horiei. Sistema horiek gabe, gaur egungo garraioa, komunikazioak eta industria-prozesuak ezinezkoak izango lirateke. Beraz, sistema txertatuak oso garrantzitsuak izan daitezke egungo gizarte- eta ekonomia-aldaketei erantzuna emateko.

Iturria: MONDRABERRI.com

like0

Viewed 116 times