MUk eta Ingeteamek 2021era arte lotu dute lankidetzako ikerketa eta transferentzia-programa.
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendari Carlos Garcíak eta Ingeteam Power Technology enpresako CEO Javier Colomak sinatu dute hitzarmena.
Testua eta
Erakundeentzat lehentasunezko gaia bihurtu da talentua kudeatu eta erakartzea. Gaur egun, hobekien prestatutako profesionalak mantentzea da enpresa eta erakundeen kezka nagusietako bat. Azken urteotan, enpresek formula bereziak diseinatu dituzte gizarteari eta erakundeei balioa, aberastasuna eta garapena emango dieten talentu gazteak kudeatzeko.
Helburu horrekin, hain zuzen, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta Ingeteamek beste lau urtez luzatu dute lankidetzako ikerketa- eta transferentzia-programa. Horri esker, profesional berriak Ingeteamen sartu ahal izango dira eta bi erakundeen artean talentua transferitzeko aukera egongo da, etengabeko prestakuntzako programen bidez, zientzia- eta teknologia-ikerketako programen bidez, eta proiektuen, jardueren eta oinarrizko ezagutzaren transferentziaren bidez.
Bi erakundeok 2008an sinatu zuten lehen hitzarmena, Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan etengabeko ikerketarako «Ingeteam» gela abian jartzea ahalbidetu zuena, besteak beste. Harrezkero hamar urtetik gora joan dira eta, tarte horretan, besteak beste, patenteak garatu dira, nazioartean proiektatu diren 40 artikulu inguru idatzi, 10 doktorego-tesi irakurri eta 25.000 ikerketa-ordutik gora landu.
Ingeteam gela
Ingeteam gela izango da aurrerantzean ere bi erakundeok garatuko duten ikerketaren gune nagusia. Funtsezko bost arlo landuko ditu:
- Sare elektrikoaren jardunera eta kudeaketara bideratutako potentzia ertain eta handiko ekipamenduen diseinua.
- Parke eolikoen azterketa eta jarduna eta potentzia ertain eta handiko haize-turbinen konbertsio-egiturak.
- Industria-sektorean erabiltzeko potentzia ertain eta handiko banaketa-sareak, bihurgailuak eta kontrola.
- Tren-azpiegitura.
- Aurreko lau esparruetan/arloetan erabil litezkeen irtenbide teknologiko erkide eta zeharkakoak, normalean potentziako elektronikaren eta potentzia-sistemen kontrolaren alorrean.
Emaitza oparoa
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren eta Ingeteamen arteko lehen hitzarmena duela hamar urte hezurmamitu zen. Urte hauetako elkarlanak emaitza oparoa izan du: bi liburu, zenbait patente, 17 artikulu nazioarteko ospea duten aldizkarietan, 20 artikulu nazioarteko kongresuetan eta 10 doktore-tesi. Gainera, 12 ikaslek Ingeteamen egin dute karrera-amaierako proiektua eta beste 10 ikaslek ikasketa eta erakunde horretako lana txandakatu dituzte. 10 urteotan irakasle ikertzaileek (batez beste lau irakasle urtean lanaldi erdian) 25.000 ikerketa-ordu baino gehiago burutu dituzte Ingeteamekin elkarlanean.
Mondragon Unibertsitatea
MONDRAGON UNIBERTSITATEA kooperatiba-unibertsitatea da, MONDRAGON Korporazioko kidea eta gizarte-ekimenekoa. Besteak beste, unibertsitate-prestakuntzaren (lau esparrutan: enpresa-kudeaketa eta ekintzailetza; ingeniaritza eta zientzia-esparrua; gastronomia eta hezkuntza; eta ikus-entzunezko komunikazioa), profesionalentzako prestakuntzaren eta transferentziarako ikerketaren alorretan aritzen da. Pertsonen osoko hezkuntzaren bidez eta ezagutza sortuz eta transferituz gizartea eraldatzea da unibertsitatearen helburua.
Ingeteam
Ingeteam potentziako eta kontroleko elektronikan inbertitzaileak, frekuentzia-bihurgailuak, kontrolagailuak eta babesak —, sorgailuetan, motorretan, ponpetan, ingeniaritza elektrikoko proiektuetan eta automatizazioko proiektuetan espezializatutako taldea da. Eragiketa- eta mantentze-zerbitzuekin osatzen du bere eskaintza.
Hona beraren produktuen hartzaile diren sektoreak: haize-sorkuntza, fotovoltaikoa, hidraulikoa eta fosila; metalak eta mineralak eraldatzeko industria; ontzigintza; tren-trakzioa; argi-indarraren sarea, azpi-estazioak barne hartuta. Helburua, energia-sorkuntzarik, -garraiorik, -banaketarik eta -kontsumorik efizienteena lortzea.
Enpresa mundu osoan aritzen da eta 3.800 langile ditu. Bere jarduera I+Ga oinarritzat hartuta dago egituratua, eta xede horretan urtero bere fakturazioaren %5 inbertitzen du.
Iturria:mondraberri.com
Viewed 107 times