Mondragon Unibertsitateko 1. mailako ikasleek ibilgailu elektrikoentzako haririk gabeko birkarga sistema diseinatu dute.
Ikasleek diseinatutako birkarga sistemak indukziozko sukaldeen oinarri bera du, baina ibilgailu elektrikoaren kasuan indukzioa kotxearen bateriak kargatzeko erabiltzen da, ez beroa sortzeko. Sistema berritzailea da, eta gidariak bateriak kargatzeko kotxea leku egokian aparkatu besterik ez du izango, kable edo entxuferik maneiatzeko beharrik izan gabe. Sona handiko zentroak, hala nola MIT (Massachusetts Institute of Technology), aldeko apustua egin eta mota honetako teknologiak garatzen ari dira, saltzeko asmoarekin.
Proiektuan zehar lau edo bost ikaslez osatutako taldeek birkargaren arazoa aztertu behar izan dute hainbat ikuspuntutik: panel fotovoltaikoetatik birkargarako energiaren eskuratzea, korronte elektrikoen indukzioaren oinarriak eta energiaren biltegiratze eta kontsumoa ibilgailu elektrikoan. Baina proiektua analisi hutsa baino haratago doa: talde bakoitzak ibilgailu elektrikoaren eta haririk gabeko kargadorearen maketa egin du. Bihar, asteartea, proiektuan parte hartu duten hamalau taldeek Orona Ideo parkearen kanpoaldean beraien maketak erakutsiko dituzte, diseinuen bideragarritasuna frogatzeko. “Frogetan kotxea kargatzeko 5 minutu besterik ez ditugu izango, baina harilkatuen diseinua aldatuta karga-denbora muga horretatik jaistea lortu dugu” esaten digu irrikaz ingeniaritzako ikasle batek. “Bihar dena ondo badoa gure kotxea onenen artean egon daiteke frogetan”.
Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza ereduan, seihilabete amaiera bakoitzean egiten diren proiektuak ikasketen ardatz nagusi dira. “Mondragon Unibertsitatean ingeniaritza esparruan proiektuen bitarteko egindako ikasketan aitzindariak gara eta Donostialdeko campus berrian iaztik eskaintzen ditugun bi gradu berrietan Arrasaten irakasten ditugun graduen eredu arrakastatsu bera jarraitzen dugu” dio Javier Oyarzunek, Energiaren Ingeniaritzako arduradunak. “Hamar urte baino gehiagotan hartutako esperientziak erakusten digute proiektu hauekin ikasleak gehiago motibatzen direla, beraien bokaziotik gertu dauden aktibitateak eginez eta kurtsoan zehar hartutako oinarrizko ezagutzak sendotuz. Honetaz gain, enpresek gero eta gehiago baloratzen dituzten beste gaitasun batzuk lantzen dituzte: talde-lana, ekintzailetasuna, sormena, lidergoa, autokudeaketa, planifikazioa, komunikazioa, eta abar”, gehitu du Gurutze Arruabarrenak, Prozesu Industrialetako Ekoteknologien Ingeniaritzako arduraduna.
Aerosorgailu txiki bat eraiki, igogailuen energia aprobetxamendua hobetu, prozesu industrialetan alferrik galdutako beroa berreskuratu... Hauek dira Donostialdeko campusean ingeniaritza egiten ari diren Mondragon Unibertsitateko ikasleek etorkizun hobea irudikatu eta eraikitzeko egindako proiektuen adibide batzuk.
Iturria: MONDRAGON.edu
Viewed 235 times