EKKO egitasmoa: aurrenerabeengan gizarte trebetasunak lantzeko programa.

Programan parte hartzen dute Arrasateko Udaleko Gizarte Zebitzuen Sailak, San Juan de Dios ospitaleak, Arrasateko Herri Eskolak, Arizmendi Ikastolak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak.

Atzo, ekainak 20, Arrasaten egindako ekitaldian, EKKO egitasmoa aurkeztu zuten. Aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten egitasmoan elkarlanean ari diren erakundeen ordezkariak, hala nola Arrasateko Udaleko Gizarte Zebitzuen Saila, San Juan de Dios ospitalea, Arrasateko Herri Eskola, Arizmendi Ikastola eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. EKKO programak (Eskola, Komunitatea, Kirola eta Osasuna) trebetasun sozialak eta emozionalak landu nahi ditu Lehen Hezkuntzako LHko 5. eta 6. mailako ikasleen artean. 

Programaren jatorria dago San Juan de Dios ospitaleak UDAko kirolariekin eta Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Arrasateko DBHko ikasleekin egindako ikerketa batean. Ikerkerta horretan hainbat aldagai neurtu ziren: substantzien kontsumo mota, kontsumoaren gizarte presioarekiko erresistentzia, asertibitatea, kontsumoak duen arriskuen pertzepzioa, autoestimua eta erabakiak hartzeko trebetasunak. Azterketa horren ondoren, azken urteotan DBHn ari dira lanean, eta esku-hartze horietan azaleratu da prebentzio lana LHn hasteko beharra. Eta horri erantzun nahian sortu da EKKO (eskola, kirola, komunitatea, osasuna) programa, aurrenerabeekin lan egingo duena eta haien trebetasun sozialetan eta garapen psikologiko, sozio-afektibo eta komunikatiboan eragin nahi duena. Esku-hartze hori ikastetxeetan LH 5 eta LH 6ko gela guztietan egitea adostu da Udal zerbitzuen eta ikastetxeen artean, eta San Juan de Dios ospitalearen lankidetza izango du.

Esku-hartze horren bidez, neska-mutikoei erremintak eskaini nahi zaizkie bizi dituzten egoerak kudeatzen jakin dezaten. Erreminta horiek eskaini ahal izateko, baina, ezinbestekoa da aurretik begiraleak prestatzea. Prestakuntza hori egingo da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean eskainiko den Haurren trebetasun sozialak lantzeko dinamizazio estrategietan espezializazio ikastaroaren bitartez. EKKO proiektuaren lehen fasean egingo da dinamizatzaileen prestakuntza; bigarren fasean etorriko da bi urteko esku-hartzea ikastetxeetan.

Ikastaroaren hartzaileak Arrasaten aisialdi, kirol, hezkuntza eta kultur eremuan haur edota nerabeekin lanean diharduten pertsonak dira. Formakuntza jaso nahi dutenek 10 eguneko epea izango dute izena emateko, www.arrasate.eus atariaren edo Arrasateko BAZera joanda. Behin dinamizatzaileen lantaldea osatuta eta trebatuta, bi ikasturteko programa garatzen hasiko dira. Saio horietan autoestimua, komunikazioa, erabakiak hartzea, arazoak konpontzea eta pertsonen arteko interakzioak izango dituzte hizpide.

Hurrengo ikasturtekoa izango da Haurren trebetasun sozialak lantzeko dinamizazio estrategietan espezializazio ikastaroa eta formazio honen bigarren edizioa.

Iturria: mondragon.edu

like0

3 visualizaciones